3D inprimaketa-arloa garatzea da gaur egun Biodonostia OIIren I+G+b-ko apustu estrategiko nagusietako bat.

Toraxeko horman tumore bat duen paziente baten 3Dko inprimaki espezifikoa.

Osasunaren arloko beste ikerketa institutu eta ospitale batzuetan gertatzen ari denaren ildo beretik, Biodonostia OIIk erabaki du 3D Bioinprimaketa, Biotintak eta Biomodeloak Garatzeko Diziplina Anitzeko Unitatea sustatzea. Unitate horretan orain arte Donostialdea ESIn biomodeloen inprimaketaren arloan egiten zen lana bilduko da, eta 3D bioinprimaketaren eta biotinten arloko garapen berriak gauzatuko dira. 3D inprimaketa-arloa garatzea da gaur egun Biodonostia OIIren I+G+b-ko apustu estrategiko nagusietako bat.

Biomedikuntzaren arloko 3D teknologiak oinarrizko bi ezarpen-esparru ditu. Alde batetik, biomodeloak sortzea, halakotzat hartuta gaixotasunen (batez ere tumoreen) modelizazioa, hurbilketa kirurgikoa eta pazienteei ebakuntza egiteko denborak hobetzeko eta protesi-inplanteak pertsonalizatzeko. Bestetik, zelulen eta ehunen bioinprimaketa, medikuntza birsortzailean oinarritutako hurbilketetan erabiltzeko.

Paziente baten tumorearen ezaugarriak hiru dimentsiotan zehatz-mehatz irudikatzen dituzten plastikozko modeloak erabiltzeak hainbat abantaila ditu, besteak beste, kirurgia planifikatzea kirurgia horri ekin aurretik; izan ere, horrek areagotu egiten du hurbilketa kirurgikoarekiko konfiantza, ebakuntza-denborak murrizten ditu eta protesiak eta inplanteak paziente bakoitzaren anatomiara pertsonalizatzeko eta hobeto moldatzeko aukera ematen du. Era berean, pazienteari bere patologia hobeto ikusteko eta ebakuntzarekin lotutako arriskuak hobeto ulertzeko aukera ematen dio, era horretara mediku-taldean konfiantza handiagoa izan dezan eta kirurgiarekin lotutako antsietatea arindu dadin. Azken urteotan garapen esanguratsua izan du gure inguruan biomodeloen arloak Donostia Unibertsitate Ospitaleko (DUO), gaur egun Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratua (Donostialdea ESI) deneko, Toraxeko Kirurgia Zerbitzuaren, Donostialdea ESIko Erradiodiagnostikoko Zerbitzuaren, Donostiako Tecnum Ingeniaritza Eskolaren, Errenteriako Tknika Lanbide Heziketako Zentroaren eta beste eragile batzuen arteko elkarreraginaren bitartez, eta jada Estatuko erreferentziako unitateetako bat da esparru honetan. Klinikara eramatea jada errealitate bat da, 36 modelo diseinatu dira eta Estatuko 23 ospitaletara eraman dira, eta horiei gehitu behar zaizkie Zerbitzurako eta Ospitaleko beste zerbitzu batzuetarako diseinatu diren beste 19 modelo.

Bestalde, 3D bioinprimaketa eta biotintak garatzeko arloa gutxiago garatuta dago, eta ESIko Otorrinolaringologia Zerbitzuaren ekimen aitzindaria baino ez dugu oraingoz. Horrela, 3D bioinprimagailu bat erosi eta abian jarri da Biodonostia OIIn, Kontratu Programako bi Bottom Up proiekturen bidez (Osasun Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak emanak). Arlo hori indartzeko beste ekipamendu bat erosi da Medtech ekimenari esker finantzatuta (Lehendakaritzak eta Osasun Sailak bultzatuta, Berrikuntza Funtsaren bitartez). Era berean, onkologiaren, urologiaren eta kirurgiaren arloetako hainbat patologiatara bideratutako proiektuak ere ari dira abian jartzen.

Unitate berri hau abian jarrita 3D inprimaketaren bi arlo sustatu nahi dira, Biomedikuntzaren hainbat arlotako profesionalen, ingeniarien eta lanbide heziketako teknikarien arteko lankidetza formalizatuta eta areagotuta. Bestalde, Diziplina Anitzeko Plataforma/Unitate bat sortzea OSNko beste laguntza-zentro batzuei zerbitzua emateko eta, era horretara, inbertsioaren itzulera areagotzeko aukera bat da, eta Institutuko ikertzaileen lehiakortasuna sustatzen du Europako finantzazioa lortze aldera.